Berriak

Atzealdea Abenduaren 19tik urtarrilaren 5era luzatuko da gabonetako kultur egitaraua

Bi urteko etenaren ostean San Silbestre lasterketa eraberritua egingo da abenduaren 31n

2022·12·15


Alegiako Kultura batzordeak prest du gabonetako kultur egitaraua. Abenduaren 19tik urtarrilaren 5era luzatuko da eta adin guztietako herritarrei zuzenduriko ohiko ekintzak bilduko ditu bere baitan.

Abenduaren 19an emango zaio hasiera egitarauari. Loatzo musika eskolako ikasleek gabonetako kontzertua eskainiko dute 18:00etatik aurrera kultur etxeko areto nagusian. Abenduaren 24a, bete-beteko eguna izango da. 11:30ean hasita, Alegiako Herri Eskolako eta Aralar institutuko ikasleak kaleetan kantari ibiliko dira. 16:30ean, Txintxarri abesbatzak sustaturiko Gabon Kantu Eske Herrikoia egingo da, hau ere kaleetan. Txintxarri abesbatzak urteroko ohiturari eutsi eta kalean izango dira kantari baina aurten ahalik eta herritar gehien animatu nahi dituzte beraiekin abestera. Horretarako bi entsegu egingo dira abenduaren 15ean eta 22an, 20:00etan kultur etxean. Hilaren 24ko azken hitzordua, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da. 18:30ean eskola aurrean itxarongo zaie.

Abenduaren 26tik 30era Intxurre Pilota Eskolak antolaturiko Gabonetako Pilota Topaketa jokatuko da. 26an eta 27an sailkatze partidak jokatuko dira eta hilaren 30ean finalak Elorri pilotalekuan 16:00etatik aurrera. Partiden ostean merienda banatuko zaie parte hartzaileei. Tartean, abenduaren 29an, osteguna, Iturri Zahar Guraso elkarteak antolaturiko eskulan tailerra egingo da.

Abenduaren 31n azken bi urtetan egin ez den San Silbestre krosa itzuliko da. Berrikuntza ugarirekin dator gainera. Izan ere, ibilbidea aldatu egingo da, ordutegia ere bai eta baita irteera eta helmuga puntua ere. Goizeko 11:00etan hasiko dira lasterketak eskola parean eta hortxe amaituko dira. Ibilbidea Etxe Txuri aldeko bidetik eta Fabrensa industriagunetik barrena izango da. Izena emateko epea zabalik egongo da abenduaren 20ra bitartean kultur etxean 10 euroren truke. Kamiseta bat izango da opari.

Urtarrilaren 1ean Udal hautetsiek intxaurrak eta mandarinak banatuko dituzte plazan 12:15etik aurrera. Hilaren 2an gaztetxoek irteera bat izango dute Txuri Urdinera Iturri Zahar Guraso Elkarteak antolatuta eta urtarrilaren 5ean errege kabalgata egingo da 18:00etatik aurrera.

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarako, San Silbestrerako eta errege kabalgatarako bolondresen laguntza eskatu du batzordeak. Jende dezente behar da lanerako ekintza horiek modu txukunean egin ahal izateko. Laguntzeko prest daudenek kultur etxean eman dezakete izena.

Egitarau osoa webgune honetako agenda atalean kontsultatu daiteke.