Berriak
2019·12·19
Gabonetako Kultur Egitarauarekin lotuta, hainbat ekintzen antolaketak Lurraldebuseko autobusen geralekua lekuz aldatzea eragiten du. Horrela, abenduaren 24ean eta 31n, Lurraldebuseko Tolosatik Abaltzisketarako ibilbidea burutzen duten autobus zerbitzu batzuk, aldaketak izango dituzte.
Zehazki esateko, abenduaren 24ean, Tolosatik Abaltzisketarako bidean, 18:20ean eta 19:20ean Alegiatik igarotzen diren zerbitzuek eta bueltako bidean, Abaltzisketatik Tolosara, 18:50ean pasatzen direnek jasango dute geraleku aldaketa hori.
Hilaren 31n berriz, Alegiatik Abaltzisketaruntz 15:40an eta 16:30ean doazenek eta bueltako bidean 16:10ean eta 17:00etan pasako direnek izango dute geraleku aldaketa.
Ohiko zerbitzuek herriko puntu ezberdinetan izaten dituzte geralekuak. Aipatu autobusek berriz, Fabrensa industriagunean, Alegi Pentsuak lantegiaren aurrean izango dute geraleku bakarra. Egun horietatik kanpo, gainontzeko zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute.
Erdigunea itxita
Autobusen ordutegiarekin batera, Alegiako erdiguneko trafikoak ere aldaketak izango ditu abenduaren 24ean eta 31n eta urtarrilaren 5ean.
Abenduaren 24ean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da 18:00etatik aurrera eta egun horretan 17:30etik 19:30era Alegiako erdigunea itxita egongo da. Gauza bera gertatuko da hilaren 31n San Silbestre krosa dela eta 15:30etik 17:30era eta urtarrilaren 5ean, errege kabalgatagatik, 17:30etik 19:30era.
Erdigunea itxita dagoen bitartean, Ikaztegieta aldetik zein Tolosaldetik datozenek itxita izango dute Tontokale gaineko sarbidea eta horrenbestean, saihesbidea erabili beharko dute.
San Juan kaleko kalebehera aldeko erabiltzaileek berriz, Erbeta parkeko sarbidea erabili beharko dute autoz kalera sartu edo bertatik atera nahi izatera, Tontokaletik ezingo delako pasa.