Berriak
Atzealdea Abenduaren 27an, 28an eta 30ean jokatuko da XX. Gabonetako Pilota Topaketa
2023·12·21
Intxurre pelota eskolak antolatu eta Alegiako, Abaltzisketako, Altzoko, Ikaztegietako eta Amezketako guraso elkarteek lagunduta, Gabonetako Pilota Topaketaren hogeigarren ekitaldia jokatuko da abenduaren 27an, 28an eta 30ean. Guztira 72 pilotarik eman dute izena eta lau mailatan banatuta ariko dira: benjamin aurrekoak, benjaminak, alebinak eta infantilak eta kadeteak elkarrekin.
Sailkatze partidak abenduaren 26rako eta 27rako zeuden iragarrita baina 26an Artolak eta Altunak elkarren aurka jokatuko dutenez binakako txapelketako partida Tolosan, sailkatze partida horiek egun bat atzeratu dira. Horrenbestean, abenduaren 27an jokatuko dira lehen partidak eta egun horretan Alegiako Elorri pilotalekuan taldeko argazkia aterako dute parte hartzaile guztiek 15:30ean. Benjamin aurrekoak eta benjaminak Alegian bertan geratuko dira 27an eta 28an partidak, jokatzen. Alebinek Altzon jokatuko dituzte eta infantilek eta kadeteek Amezketan. Jaialdiak 16:00etan hasiko dira.
Finalak abenduaren 30ean, larunbata, jokatuko dira Ikaztegietan 11:00etatik aurrera.