Berriak

Atzealdea Abenduaren 2tik 18ra San Silbestre kroserako izena emateko aukera zabalik egongo da kultur etxean

12 urtetik gorakoek 6 euro ordaindu beharko dute eta lasterketako kamiseta jaso ahal izango dute

2019·12·02


Aurtengoa hamargarren ekitaldia izango du Alegiako San Silbestre lasterketak. Urteko azken egunean egiten den proba izaten da eta berau antolatzen duen batzordeak izena emateko epea zabaldu denaren berria eman du. Abenduaren 2tik 18ra bitartean izango da izena emateko aukera. Interesatuek kultur etxera jo beharko dute eta 12 urtetik gorakoek sei euro ordaindu beharko dituzte. Ohi bezala, izena ematearekin batera lasterketako kamiseta eskatu ahal izango da eta izena ematea ordaintzen duten guztiak, lasterketaren ostean egiten den sarien zozketan sartuko dira.

Aurten sailkapenik ez

Antolakuntzaren erabakiz, aurtengo San Silbestre lasterketan ez da sailkapenik osatuko eta horrenbestean, lehen sailkatuentzat ez da saririk izango. Neurri hori, probari izaera lehiakorra kentzeko helburuarekin hartu du antolakuntzak. Parte hartzea eta korrika eginez ondo pasatzea lehenetsi nahi dira, lehiak eragin ditzakeen zantzu negatiboak ekidinez. Ohi bezala, 16:00etan haurren lasterketa egingo da ohiko ibilbidearekin eta behin txikienen lanak amaituta, helduen txanda izango da. Hauek ere iazko ibilbide bera izango dute. Antolakuntzatik dei berezi bat ere egin da, lasterketaren egunean laguntzeko. Bidegurutzeetarako eta irteera antolatzeko laguntza behar izaten da eta denen laguntza eskertuko da.

Dirua Zaporeak elkartearentzat

Azken urteetan Mukwano Lagun gobernuz kanpoko erakundearentzat bideratu izan da lasterketan bildutako dirua. Bada, aurtengoan, Grezian errefuxiatuentzako otorduak prestatzen dituen Zaporeak elkarteari emango zaio diru hori. 2016az geroztik ari dira bertan lanean eta milioi bat otordutik gora banatu dute. Chiosen eta Atenasen aritu ostea, gaur egun Lesbos uhartean ari dira lanean.