Berriak
Atzealdea Abenduaren 31n San Silbestre krosaren hamabigarren ekitaldia jokatuko da
2023·12·14
Urteko azken egunarekin batera jokatuko da hamabigarrenez Alegiako San Silbestre krosa. Iaz irteera eta helmuga puntua eskola parera lekualdatu arren, antolakuntzak jatorrizko kokalekuak berreskuratzearen aldeko hautua egin du eta horrenbestean, plazan izango dute irteera eta helmuga abenduaren 31an goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko diren lasterketek.
Ohi bezala, maila ezberdinetako probak jokatuko dira. Haurrak ibai ondoko pasealekutik eta San Juan kaletik barrena ibiliko dira eta helduek, pandemiaren aurretik egiten zen ibilbidea berreskuratuko dute, Larraitz auzo aldera ere joanez.
Izena emateko epea abenduaren 18tik 22ra egongo da zabalik kultur etxean. Infantil, kadete eta helduen mailetakoek 6 euro ordaindu beharko dute parte hartzeagatik eta probarako diseinaturiko kamiseta bat jasoko dute. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 9:30etik 10:30era. Haurren mailetako izena ematea, LH1-LH6, eskolaren bidez helaraziko den formulario baten bidez kudeatuko da.
Udaletik herritarrak lasterketan parte hartzera animatu nahi dira. Bide batez, norbaitek bolondres modura egunean bertan esku bat bota nahi badu, lotura honen bidez (formulariora) eman dezake izena.