Berriak
Atzealdea Abian da Txintxarriak Martxanen 2022-2023 denboraldia
2022·10·06

Gaur goizean jarri da martxan Txintxarriak Martxan ekimenaren 2022-2023 denboraldia. Adinekoak ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak sustatzera bultzatzea helburu dituen egitasmoan oraingoz izena emanda dauden 30 lagun inguruk gaur egin dute lehen irteera. Adin tarte ezberdinei egokitutako ibilbide ezberdinak eskaintzen dira, parte hartzaile guztiek bere neurrirako egokia den ibilaldia egin dezaten.
Ostegunero 11:00etan abiatuko dira irteerak plazatik. Aurtengo helburu nagusia pandemia aurreko parte hartze mailetara hurbiltzea da. Pandemiaren eraginez ekimena bertan behera egon ostean, iaz kosta egin zitzaien adinekoei ibilaldietara gerturatzea. Bada, antolakuntzatik animatu egin nahi dira. Pandemia atzean utzita, ekintza guztiak normaltasunez egin daitezke eta lehen parte hartzen zutenez gain, parte hartzaile berriei ere dei egin nahi zaie ekimenera batu daitezen.
Oraindik izena eman ez dutenek edozein ostegunetan eman ahal izango dute, irteera baino lehen plazara hurbilduta. Gainera, iaz ez bezala, aurten hilean behin hamaiketakoa ere eskainiko zaie parte hartzaileei.