Berriak
2019·10·10
Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu duen Txintxarriak Martxan ekimenak gaur abiatu du laugarren denboraldia. Ekainaren 18ra bitartean, hogeita hamahiru irteera egingo dira ostegunetan 10:30ean plazatik abiatuta eta Alegiako Udalarekin batera, osasun zentroa, herriko ikastetxeak, jubilatuen elkartea, Nagusilan eta eliza ari dira ekimen hau garatzeko elkarlanean.
Gaurko lehen irteeran 51 lagunek eman dute izena. Ohi bezala, adin arte ezberdinetako pertsonek ibilbide ezberdinak egin dituzte eta ondoren hamaiketakoa egiteko elkartu dira. Antolakuntzatik gogorarazten da, irteeretan parte hartu nahi duten eta oraindik izena eman ez duten adinekoek, ostegunetan 10:30erako plazara agertzea besterik ez dutela eta bertan izango dutela izena emateko aukera.