Berriak

Atzealdea Abiatu da Txintxarriak Martxan ekimenaren 2023-2024 denboraldia

Eguraldia lagun, 45 adinekok hartu dute parte lehen irteeran eta Aralar institutuko ikasleak izan dituzte laguntzaile

2023·10·05


Txintxarriak Martxan ekimenak ekin dio 2023-2024 denboraldiari. Gaur goizean 45 bat adineko elkartu dira Alegiako plazan ikasturte berriari hasiera emateko prest eta beraiekin izan dituzte udal ordezkariak eta baita besteren artean, gurpildun aulkietan diren herritarrei laguntzeko ekimenera bolondres modura batu diren Aralar institutuko ikasleak ere.

Adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea dira ekimenaren helburuak. Pandemiaren eraginez parte hartzea asko murriztu zen eta antolakuntzaren helburua pandemia aurreko parte hartze datuetara hurbiltzea da. Horretarako, adinekoei gutunak bidali zaizkie eta hemendik aurrera ere ekimenera batu nahi dutenei ateak zabalik dituztela gogorarazi nahi zaie. Ostegunero 11:00etan izango dira irteerak eta 10:30etik aurrera eman ahal izango da izena. Ibilaldien ostean hamaiketakoa eskainiko zaie parte hartzaileei.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie Txintxarriak Martxanen antolakuntzan bidelagun diren osasun zentroari, Nagusilani, elizari, Jubilatuen elkarteari eta Aralar institutuari. Eta baita irteeren osterako hamaiketakoak prestatuko dituzten Hilario Berri, Iskiña, Jubilatuak, Eizmendi eta Txintxarri tabernei ere.