Berriak

Atzealdea Abizenak euskalduntzeko kanpainari ekin diote UEMAk, Galtzaundik eta Tolosaldeko 23 udalek

Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia egin dute udalek eta Galtzaundi euskara taldeak, ‘Abizena ere euskaraz’ lelopean

2025·03·12


Malcorra, Otegui, Aramburu, Achucarro, Urretavizcaya, Goicoechea, Echeverria, Bengoechea... Tolosaldean ere asko dira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak. 'Abizena ere euskaraz' kanpainarekin, herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi da, eta horretarako, zein pauso eman behar diren azalduko dute Galtzaundik eta UEMAko kide diren Tolosaldeko 23 udalek. Deialdia bereziki guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.
Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, erraza da horiek aldatzeko egin beharrekoa. Erroldatutako udaletxean edo Erregistro Zibilean egin daiteke. Batean zein bestean, hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:
-Nortasun Agiriaren fotokopia.
-Jaiotza ziurtagiria. Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da.
-Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da. Baita online ere.
-Familia liburua.
Alegian norbaitek aldaketa egin nahiko balu, udaletxean dagoen Bake Epaitegira jo behar du. 943 24 65 38 telefono zenbakira deituta edo ezkerra.a@justizia.eus helbidera idatzita.