Berriak
Atzealdea Adineko pertsonentzako ibilaldi osasuntsuak antolatzeko ekimena abian jarri nahi du Udalak
2017·01·05
Alegiako Udala eta Osasun Etxea elkarlanean, adineko pertsonentzako ibilaldiak antolatzea helburu duen egitasmo bat abian jartzeko lehen urratsak ematen ari dira. Proiektuaren helburua, adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak sakontzera bultzatzea da eta horretarako tresna edo baliabide modura ibilaldi osasungarriak antolatu nahi dira. Ibilaldi horiek Alegia inguruan egingo lirateke eta iraupen eta distantzia ezberdinekoak izango lirateke. Beste herri batzutan abian jarri den egitasmoa da ibilaldi osasungarriena eta emaitza onak eman izan ditu.
Gauzak horrela, ibilbideak prestatu, egutegiak antolatu, adinekoekin ibilaldiak egin eta egitasmoak eskatzen dituen beste hainbat lan egin eta kudeatzeko, talde eragile bat sortu nahi da. Gai horretan interesa duen edo egitasmoan lagundu nahi duen orok ditu talde horretako ateak irekita. Urtarrilaren 10ean, asteartea, egitasmoaren nondik norakoak aurkezteko bilera informatibo ireki bat egingo da kultur etxean, 12:00etan, eta herritarrei bertara hurbildu eta parte hartzeko gonbidapena egiten die Udalak, aldez aurretik eskerrak emanez.