Berriak

Adineko pertsonentzat ibilaldiak antolatu dira “Txintxarriak Martxan” ekimenaren baitan

Martxoaren 23an izango da lehen irteera eta ekainera bitartean guztira hamabi egingo dira

2017·03·14


Alegiako Udalak eta osasun etxeak elkarlanean, hirugarren adinekoei zuzendutako ibilaldiak biltzen dituen egitasmo bat jarriko dute abian datozen asteetan. Txintxarriak Martxan izena du ekimen horrek eta ekainera bitartean hamabi ibilaldi antolatu dira. Hirugarren adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea dira “Txintxarriak Martxan”en helburuak eta beste hainbat herritan emaitza onak eman dituen egitasmoa izaki, Alegian ere martxan jarriko da.

Ostegunetan 10:30ean plazatik abiatuko dira ibilaldi horiek eta ordubete pasatxo inguruko iraupena izango dute. Alegia inguruan ibilbide ezberdinak egingo dira eta ez dute zailtasun handirik izango. Behin ibilaldia amaituta, parte hartzaileek hamaiketakoa egiteko aukera izango dute elkarrekin.

Ibilaldietan parte hartzen duten pertsonek txartel bana jasoko dute beraien izenarekin eta txartel horretan, parte hartzen duten ibilaldi guztietan zigilu bat jarriko zaie. Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko aukera osasun etxean.
Alegiako Udalak herritarrak Txintxarriak Martxan ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu, ohitura osasuntsuen bidez adineko pertsonen aisialdia osatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako eta aldi berean, eskerrak eman nahi dizkie ekimenaren antolaketan parte hartu duten eragileei eta ondoko laguntzaileei: Eizmendi jatetxea, Iskiña, Jubilatuak eta Hilario Berri tabernak, Jubilatuen elkartea, eliza, Nagusilan eta Aralar institutua.

Hauek izango dira ibilaldien datak:

-Martxoak 23

-Martxoak 30

-Apirilak 6

-Apirilak 27

-Maiatzak 4

-Maiatzak 11

-Maiatzak 18

-Maiatzak 25

-Ekainak 1

-Ekainak 8

-Ekainak 15

-Ekainak 22