Berriak
Atzealdea ALEGIA APP aplikazioa herritarren eskura jarri du Udalak
2022·03·17
Alegiako Udalak herritarrengandik hurbilago egoteko tresna berri bat aurkeztu du gaur goizean. ALEGIA APP gailu mugikorretarako aplikazioa garatu du ACV Multimedia enpresarekin elkarlanean eta jada herritarrek eskura dute tresna berri hori. Arantxa Irazusta alkateak aipatu duenez, “herrirarren eta Udalaren arteko komunikazioa erraztea eta azkartzea” da ALEGIA APPren helburu nagusia. Bat-batekotasuna ematen dio harreman horri aplikazioak eta besteren artean, Udalarekin harremanetan jartzeko edo hainbat izapide administratibo egiteko bide zuzena eskaintzen du. “Inguruko udalerriei inbidiaz begiratzen genien antzeko tresnak martxan zituztela ikustean eta beraiei ere eskerrak eman beharrean gaude, aholkularitza eskaini digutelako” adierazi du Irazustak.
ACV Multimediako Garapen Zuzendaria den Josean Telleriak aplikazioaren atalen eta xehetasun teknikoen berri eman du. Albisteak, idatzi udalari, agenda, tramiteak, parte hartzea, garraioa, farmaziak, ezagutu, parekide, eragileak, bideoak eta erreserbak atalak izango ditu APPak. “Farmaziena bezalako informazio praktikoa eskaintzen duten atalak asko erabiltzen dituzte herritarrek” azaldu du Telleriak eta herrira bizitzera etorri berri direnentzat ere informazio erabilgarria du. Eragileen atalean herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean aritu direla gaineratu du eta eskertuta azaldu da, atal hori hobetzen jarraitzeko gonbitea luzatzearekin batera.
ALEGIA APP aplikazioa garatu ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du Alegiako Udalak. Irazustak Partaidetza taldeak emandako babesa eta laguntza ere eskertu nahi izan ditu. Horrekin batera, ACV Multimediaren lana eta Udaleko komunikazio eta IKT arloena ere eskertu nahi izan ditu. Azken horien lana oraindik ez dela amaitu gaineratu du, erabilerak eta aro digitalaren bilakaera azkarrak gauza berriak ezartzea eskatuko duelako.
Herriko hainbat gunetan jarriko diren promozio ‘roll-up’etako argazkietan ateratzeko prestutasuna izan duten herritarren jarrera eta borondatea ere eskertu nahi izan ditu Udalak.
Aplikazioa jada eskuragarri dute herritarrek. Android eta IOS sistemetan erabili daiteke eta Google Play eta APP Storeren bidez deskargatu daiteke, dohainik. Herritar guztiak tresna deskargatzera eta erabiltzera animatu nahi dira. Deskargatzen asmatzen ez dutenei Udalean laguntza eskatzeko deia ere egiten zaie, behin gailu mugikorrean instalatuta, erabiltzeko oso erraza delako. Guztien erabilerak tresna hobetzen joateko gakoak emango dizkio Udalari.