Berriak

Atzealdea Alegia eta Ikaztegieta arteko bidegorrian ezarri den argiztapena ikuskatzeko bisita egin dute Udal eta Foru Aldundiko ordezkariek

Bi herrien arteko zatia seguruago eta irisgarriago egiteko 61 argi puntu ezarri dira eta Aldundiak 150.000 euroko inbertsioa egin du

2024·12·19


Gipuzkoako Foru Aldundiak Alegia eta Ikaztegieta arteko bidegorrian argiztapena jarri du. Gaur goizean, Jasangarritasun diputatua den Jose Ignacio Asensiok, jada amaituta dauden lan horietara bisita bat egin du eta alboan izan ditu Regina Sorarrain eta Alba Garmendia, Alegiako eta Ikaztegietako alkateak.

Foru Aldundiak 150.000 euroko inbertsioa egin du instalatu diren 61 argi puntuak jartzeko. Aldundiko teknikariek aitortu duten moduan, ez da lan erraza izan. Izan ere, errepidearen eta trenbidearen artean dagoen bidegorria da eta lan nekeza izan da eremu horiek aurkezten dituzten mugak gainditu eta behar bezalako argiztapena jarri ahal izatea.

Regina Sorarrain Alegiako alkateak eskertu egin du Aldundiaren ekarpena. Iaz eskaera egin eta azkar erantzun du Aldundiak eta hori bi erakundeen arteko elkarlanaren isla dela adierazi du Sorarrainek. Proiektu hau garatzeak hainbat alorretan duen eragina ere azpimarratu nahi izan du. Irisgarritasuna hobetzearekin batera, lan alorrean zein aisialdi eremuan argiztapenak dakartzan abantailak aipatu ditu. Herritarrek genero ikuspegiaren aldetik eremuaren inguruan zituzten kezkei ere erantzun eta aterabide bat ematen zaie eta hori ere garrantzitsutzat jo du. Azkenik, Udalarentzat hain garrantzitsua den efizientzia energetikoaren alorra ere zaintzen duen inbertsio honek. Izan ere, argi puntu bakoitzak eguzki plaka bat du eta eguzki energia bidez funtzionatzen dute.

Udalak errepidearen beste aldea eraberritu du
Ildo beretik, bidegorriak Alegia irteeratik ur estazioraino egiten duen bidean, baina ibaiaren aldetik, argiztapena eraberritu du Udalak. Zentzu horretan, aurrez aipaturiko efizientzia energetikoan urratsak ematen jarraitzen du Udalak.