Berriak

Atzealdea Alegiak landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatuko ditu

Alegiak Geograma empresa kontratatu du udalerriko 2. poligonoko landa-lursailen mugaketa burutzeko

2025·10·23


Jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak edo ezjakintasunak mugak nahastea edo besterik gabe desagertzea eragiten du. Horrek, mendia ez zaintzea eragiten du eta ondorio larriak eragiten ditu landa munduan.

Egoera honen aurrean, Alegiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntza erabilita, landa-lurretan kokatutako 193 hektareako azalera duten 268 lursail mugatzeko lanekin hasi da, Geograma enpresaren laguntza teknikoarekin. Proiektu honetan Udalak daukan erronka oso garrantzitsua da, landa-lurraren hedadura handia delako. Hori dela eta, gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira.

Proiektuaren helburuak mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea eta zuzentzea eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea dira. Lan hauek behar bezala burutzeko 95 jabe baino gehiagoren kolaborazioa izatea ezinbesteko baldintza da, zeinak auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu behar dituzten. Lanak egin ostean, markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak dituzten planoak entregatuko zaizkie jabeei, behar izanez gero, Katastroko mugak zuzenduz.

Alegiako Udalak jabeen lankidetza eskatzen du mugakideekin mugak adosteko, lanak egiteko ezinbesteko baldintza baita. Auzokideen artean adostasunik ez badago, proiektua ezin da gauzatu. Jabeen parte-hartzea borondatezkoa da eta ez die gastu ekonomikorik ekarriko. Hori bai, aldez aurretik, mugak garbitu, mugarriak topatu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egiteko.

Alegiako 2. poligonoko landa-lursailen jabe guztiek azaroaren 19an Alegiako udaletxeko pleno aretoan egingo den proiektuaren azalpen-bilerara deitzeko gutun bat jasoko dute. Guztioi interesatzen zaigun proiektua da. Udalak zuen lankidetza eskertzen du.