Berriak
Atzealdea Alegiako I. Argazki Rallya ospatuko da igandean Argazkizaleen Taldeak antolatuta
2016·09·18
Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta, Alegiako Argazki Rallyaren lehen ekitaldia ospatuko da igandean, irailak 25. Nahi duen oroko hartu ahal izango du bertan parte eta bi maila ezberdinduko dira. Helduen mailan 16 urtetik gorakoek hartuko dute parte eta gazteenean 15 urte bitartekoek. Izena eman nahi dutenek igandean bertan izango dute horretarako aukera, Intxurre elkartean 8:45etik 9:30era biratean.
Parte hartzaileek izena ematen duten unean bertan ezagutuko dituzte rallyko gaiak. Behin horiek ezagututa, 8:45 eta 14:00ak bitartean atera ahalko dira argazkiak eta derrigorrezkoa izango da argazki horiek Alegian ateratzea. Izena ematerako unean kontrolerako argazki bat atera beharko dute. Behin atera beharreko argazkiak aterata, parte hartzaileek 13:00etik 14:00etara deskargatu ahal izango dituzte argazkiak Intxurre elkartean bertan eta gehienez sei argazki deskargatu ahal izango dituzte. Behin argazki guztiak jasota, Alegiako Argazkizaleen Taldeko kideek osatutako epaimahaiaren lana izango da argazki horiek aztertu eta irabazleak aukeratzea. Aldi berean, rallyan parte hartzen duten argazkiak udazkenean egingo den erakusketa batean egongo dira ikusgai.
Sariei dagokienean, maila bakoitzean bilduma onenarentzat, argazki onenarentza eta alegiar batek egindako argazki onenarentzat egongo dira sariak. Sari banaketa, aurrez aipaturiko erakusketa horren testuinguruan egingo da. Atxikitako fitxategian dituzue rallyko oinarriak.