Berriak

Atzealdea Alegiako Mendi Asanbladak TRUKEAMA izeneko taldea sortu du materialen berrerabilpena sustatzeko

Whatsapp bidez bigarren eskuko materialen trukea eta salmenta sustatu nahi da ingurumena zaintzeko helburuarekin

2020·12·21


Alegiako Mendi Asanbladak TRUKEAMA izeneko ekimena jarri du abian. Gizartean barneratuta ditugun kontsumo ohituren aurrean, ingurumena zaintzeko aukera eskaintzen duen ohitura izan daiteke materialen berrerabilpena. Bigarren eskuko materialen trukea eta salerosketa sustatu nahi da ekimen horren bidez eta horretarako whatsapp talde bat sortu da. Talde hori mendi asanbladak kudeatuko du eta hauek izango dira taldean sartzen direnek bete beharreko baldintzak:

- Truke edo salmentarekin erlazionaturiko edukiak SOILIK partekatuko dira. EZ DA BESTELAKO MEZURIK ONARTUKO.

- Erabiltzen ez duzun tresna edo artikulurik baduzu, argazkia bidali behar duzu eta argazkiaren mezuan bertan salneurria eta aipamena jarri, adibidez, “Mendiko motxila neurria, soilik behin erabilia. 30€”, beste adibide bat, “haurrentzako motoa, asko erabilia baina egoera onean, DOAN”.

- Artikulu hori interesatzen zaion pertsonak, bere nahia talde honetan adierazi beharko du (adibidez “niretzat”), erantzuten lehena izango da artikulua eramango duena.

- Adostasun horretara iritsi ostean, bi kide horiek mezu pertsonalen bidez hitz egingo dute non eta noiz geratu trukea osatzeko. Talde honetan ez da horrelakorik idatziko.

- Artikuluren bat behar baduzu eta norbaitek etxean eduki dezakeela uste baduzu talde honetan ere galdetu dezakezu, adibidez, “Mugikorra izorratu zait eta egoera onean dagoen bat erosi nahiko nuke”.

- Kide berriak gehitzen ditugunero mezu hau birbidaliko dugu.

Mendi Asanbladatik herritarrak talde horretan parte hartzera animatu nahi dira kontsumo ohitura jasangarrien aldeko hautua eginez eta whatsapp taldean sartzeko alegiakomendiasanblada@gmail.com helbidera idatzi behar da.