Berriak

Atzealdea Alegiako mendietan eraikuntzako hondakinak botatzen zituen pertsona bat atzeman du Ertzaintzak

Herritar batek eman zion hondakinen berri Udalari eta jarrera hori eskertu eta sustatu nahi da, horrelako jokaerek eragiten dituzten kalteak ekiditeko

2023·08·30


Duela egun batzuk, herriko mendi inguru ezberdinetan eraikuntzako hondakinak legez kanpo botatzen zituen pertsona bat atzeman zuen Ertzaintzak. Herritar batek puntu jakin batean hondakinak zeudenaren inguruko abisua eman zion Udalari eta honek Ertzaintzari gertaeren berri eman ostean, Txubiritxo inguruan eta Intxurre aldeko hainbat puntutan eraikuntzako hondakinak botatzen zituena, pertsona bera ondorioztatu du ikerketak. Kaltetutako eremu guztiak garbitu behar izan zituen.

Udalak edozein motako hondakinak ingurune naturalera botatzeko ekintza oro arbuiatu nahi du lehenik eta behin. Gaur egun badira hondakinak eraman ahal izateko garbiguneak eta hori ez egiteak, legea ez errespetatzeaz gain, ingurumenean eragiten duen kaltean egin nahi da azpimarra.

Horrekin batera, gai honetan herritarren inplikazioa ere eskatu nahi da. Herritar honek egin duen moduan, Udalari jakinarazpen soila egitea nahikoa da, Udalak auzia Ertzaintzaren esku uzteko eta dagokion ikerketa gauzatzeko. Telefonoz, emailez edo Alegia APP aplikazioaren bidez argazkiak zein mezuak bidali daitezke Udalera. Modu horretan, horrelako bidegabekeriekin herriko eremu naturalak eta ingurumena kaltetzea eragiten duten jokabideak murriztea eragingo da.

Bide batez, Udalak eskerrak eman nahi dizkio hondakin isurketaren berri eman duen herritarrari.