Berriak

Atzealdea Alegiako Udal Gobernuaren balorazio publikoa Osasun Etxeaz egon diren azken berrien inguruan

Azken egunetan herriko osasun etxearen inguruan argitaratu den informazioaren inguruan aritu da gobernua

2023·03·29


Alegiako Udal Gobernua osatzen duten bost hautetsiek agerraldia egin dute gaur goizean udaletxeko pleno aretoan. Azken egunetan herriko osasun etxearen inguruan argitaratu den informazioaren inguruko balorazioa egitera agertu dira Arantxa Irazusta, Unai Iraola, Ana Usandizaga, Eider Zubillaga eta Amaia Jimenez.

<<Alegiako herritarren ordezkaritza legitimoa Alegiako Udala eta Alkatea dira. Osakidetzak berarekin izan behar ditu harreman instituzionalak. Are gehiago, Osasun Etxearen inguruko horrelako erabakiak hartu baditu, alegiarrei errespetuagatik, lehenengo Alegiako Udalari eman behar dio berri. Alegiako Udalak beti errespetatu ditu indarrean dauden komunikazio kanalak eta diskrezioz egin du lana Osakidetzarekin eta harritu gaitu tamaina honetako leialtasun instituzional faltak. Zor digun errespetu instituzionala exigitzen diogu Osakidetzari>>.

<<Ez da egia Osakidetzak ez duela Alegiako Udalaren partetik inongo proposamenik jaso Osasun Etxearen inguruan. Bai egungo eraikina berritzeko, bai beste kokagune batera mugitzeko aukera desberdinak landu dira Osakidetzarekin>>. Horri lotuta, ondoko kudeaketak egin direla adierazi dute:

-2016an landuta zuen Alegiako Udalak egungo kokagunean eraikina eraberritzeko proiektua. Hiru solairuak erabiliz eta ondoko aurrekontuarekin 1.049.095, 46 € . Osakidetzak ez zuen erantzun.

-2020/02/12 Alkateak udal arkitektoarekin 2 eraberritze aukera prestatu zituzten azalera erabilgarria kontuan izanik.

-2020/02/14 Bilera anbulategian alkatea + 2 mediku titularrak 2 aukerak aurkeztuz, berak eraikinari ikusten zizkioten beharrez galdetzeko (gabezia eta beharren zerrenda luzea egin zuten).

-2020/02/19 Arkitektoak metro beharrei erantzuteko 3 solairuren beharra baieztatzen du eta eraikinaren altuera gehitzeko posibilitatea lantzen du.

Pandemiak guztia moteltzen du eta beste lehentasun batzuk agertzen dira. Osakidetzarekin eskuz esku lan egiten da pandemiaren ondorioei aurre egiteko.

-2021/03/21 LEHEN ARRETAKO UNITATEBURUAri arkitektoaren espazio banaketaren proposamena doakio. 3 solairu erabiliz.

-2021/12/20 ESI TOLOSALDEAtik Plan Funtzionala jasotzen du Udal Gobernuak irisgarritasunaz kezka azaldutakoan.

-2021/11/29 Alegiako Hirigintza Plan Orokorra onartzen da. Bertan Osakidetzak eskatutako baldintzak betetzen dituen 700 m2ko espazio publiko bat aurreikusten delarik Osasun Etxe erabilerarako. Honen berri ere ematen zaio Osakidetzari.

Egungo eraikinak dituen espazio eta irisgarritasun falta oztopo bat direla esan zaio Udal Gobernuari urte guzti hauetan eta horregatik landu da beste espazio egokiago bat Plan Orokorrean. <<Behingoz Osakidetzak Alegiako Osasun Etxean inbertitu behar badu, gabezia hauek konponduko dituen proiektu bat eskatzen diogu eta ez egungo gabeziak betikotzea>> eskatzen da.

Alegiako Udalak bilera baterako deituko du Osakidetza modu urgentean. Erabaki hau zergatik hartu duen eta Osasun Etxea egungo kokalekuan berritu behar badu nola egin asmo duen jakiteko eskubidea dute Alegiako Udalak eta alegiar guztiek. Kontu hau argitzeko informazio gehiago jasotzea espero du Udalak.