Berriak
Atzealdea Alegiako Udalak 4.305.712,81€ko aurrekontua izango du 2025 ekitaldian
2025·01·02
Alegiako Udalak abenduaren 23ko osoko bilkuran onartu zuen 2025ekitaldirako aurrekontua. Bi udal taldeek aho batez eman zieten onespena hasi berri den urterako diru kontuei eta orotara 4.305.712,81€ko aurrekontua izango da. Kopuru horren ia %45a, 1.937.500€ hain zuzen ere, inbertsioetara bideratuko dira eta hauek izango dira inbertsio lerro nagusiak:
-Osasun zentroa eta eraikin horrek bere baitan biltzen dituen azpiegiturak: 1.811.000 euro bideratuko dira osasun zentroa kokatzen den eraikinaren eraberritze lanetara. Osasun zentroaz gain, Jubilatuen elkartearen egoitza ere bertan dago eta berau ere berrituko da.
-Kultur etxean erabilera anitzeko gela bat: 46.000 euroko inbertsioa izango da eta espazio horretan gauza ezberdinak egin ahal izateko gune bat izango da.
-Alegiako Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezia berritzea: 40.000 euroko diru kopurua bideratuko da lanketa horretarako.
-Lur mugen digitalizazioa: 30.000 euro bideratuko dira bertara.
-Bulego ekipamendua: 10.500€ zuzenduko dira beharrezkoa den materiala erosteko.
2025eko Udal aurrekontuaren dokumentua dagokion izapide ezberdinak igarotzen ari da eta behin betiko onarpena jaso eta argitaratzen denean, Udal webgunean izango duzue eskuragarri.