Berriak

Atzealdea Alegiako Udalak herritarrek azken hitza izango duten bi parte hartze prozesu jarriko ditu abian datozen hilabeteetan

Batetik hondakin sistemaren berrikusketa egingo da eta bestetik, Larraitz auzoko ekialdeko hiritartze proiektua

2022·06·28


Alegiako Udalak bi parte hartze prozesu jarriko ditu martxan datozen hilabeteetan. Herritarrei azken hitza emateko helburuarekin, hondakin sistemaren berrikusketa eta Larraitz auzoko ekialdeko hiritartzen lanen proiektua dira parte hartze prozesu bidez landuko direnak. Modu horretan, hartu beharreko erabakiak herritarrekin batera eta ahalik eta adostasunik handienarekin hartzea da Udalaren asmoa eta helburua. Gaur goizean Arantxa Irazusta alkateak eta Unai Iraola zinegotziak eman dute horren berri udaletxean egindako prentsa agerraldian.

Bi prozesuak modu paraleloan garatu nahi dira. Lehenik, herritarrekin batzarrak eginez, ondoren informazioa herritarren eskura jarri uda osoan zehar, izan ditzaketen iradokizunak edo zalantzak argitzeko. Horretarako, Alegia APP, Udal webgunea eta udaletxeko postontzia eskura izango dituzte herritarrek eta irailean berriro gaiari helduko zaio, behin betiko erabakia hartzeko.

Hondakin bilketaren sistemaren berrikuspenerako hiru arrazoi hartu dira kontuan:

-Tolosaldeko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua egiten duen enpresaren kontratu amaiera eta horrek dakarren plegu eta baldintza berrien lanketa.

-Bilketa sistema ezberdinen datuek orokorrean izan duten geldialdia, pandemiak areagotuta, eta berrikuspen baterako beharra berriz ere herritarrak kontzientziatzeko.

-Herritarren artean gaiaren inguruan egon daitezkeen kezka edo ezinegonei erantzun bat emateko aukera bezala ikusten da.

Larraitz auzoko ekialdearen kasuan, Larraitz mendebaldearen hiritartze lanetan egin zen lanketa errepikatzea litzateke asmoa, bertako esperientzia oso modu positiboan baloratu zelako. Auzoko bizilagunekin eta eraberritze lanek eragiten dieten ikastetxeekin, guraso elkarteekin eta herritarrekin landuta hartuko da behin betiko erabakia.

Herritarrei lanketa hauetan parte hartzeko deia luzatu nahi zaie, denon artean erabaki hobea hartuko delako.