Berriak

Atzealdea Alegiako Udalak kanal bat zabaldu du Telegram aplikazioan

Herritarrengana iristeko modu berri bat izango da eta mezuak hizkuntza ezberdinetara itzuli ahal izango ditu hartzaileak

2024·02·29


Alegiako Udalak ahalik eta herritar gehienengana iristeko bidean urratsak ematen jarraitzen du. Zentzu horretan, hemendik aurrera Telegram aplikazio bidezko kanal bat ere eskura izango dute herritarrek.

Bat-bateko mezularitza zerbitzua eskaintzen duen mugikorretarako aplikazio bat da Telegram, Whatsapparen antzekoa. Norbanakoen zein taldeen arteko elkarrizketak izateko aukera eskaintzen dute aplikazio horiek, irudiak zein bestelako dokumentuak elkarbanatzeko aukera eskaintzearekin batera.

Horrez gain, aipatu kanalak sortzeko aukera ere badute. Kanal horiek informazio ezberdinak elkarbanatzeko edo zabaltzeko bideak izaten dira. Udalen kasuan, zabaltzen den kanal horri jarraitzeko aukera izango dute hala nahi duten herritarrek eta Udalaren zerikusia duten berri, deialdi edo dena delakoen berri jaso ahal izango dute beraien mugikorrean. Zentzu horretan, kanal horrekin bat egin nahi duten herritarrek egin beharreko lehen urratsa Telegram aplikazioa mugikorretan instalatzea da. Argazkiko QR kodeen bidez Android edo IOS bertsioa eskuratu dezakezue eta behin instalatuta, ‘Alegiako Udala’ kanalarekin bat egin, hirugarren QR kodearen bidez. Bestela, lotura hauen bidez deskargatu daiteke:

-Android deskarga

-IOS deskarga

-Kanalera batu

Horrelako taldeetan sartzeak mesfidantza sortu izan du herritarrengan. Datu pertsonalak bistan geratuko ote direnarena izaten da kezka nagusia baina alde horretatik lasai egon daitezke kanalarekin bat egiten duten herritarrak. Erabiltzaileen datuak ez dira edonork ikusteko moduan egoten. Hori bai, jasotzen diren mezuak hainbat hizkuntzetara itzultzeko aukera ematen du eta horrek herriko biztanleriaren zati batekin Udalak izan dezakeen komunikazioa erraztu dezake.

Udalak herritarrak kanalarekin bat egitera animatu nahi ditu, bi zentzutako komunikazioa arintzea ahalbidetuko duen tresna berri bat delako eta bat-batekotasuna ere irabaziko delako, azken orduko jakinarazpenak jasotzea ahalbidetuz, besteren artean.