Berriak

Alegian hizkuntzen erabilera neurtzeko bolondresen bila dabil UEMA

Maiatzean zehar neurtzaile izan nahi dutenek apirilaren 15erako eman behar dute izena eta 19an formakuntza jasoko dute

2021·04·08


Orain lau urte hasitako bideari jarraituz, aurten ere hizkuntzen erabilera neurtuko da UEMAko kide diren udalerrietan. Aurten COVID-19a dela eta, moldaketa batzuk egin dira planteamenduan, jasotako datuen fidagarritasuna bermatze aldera. 3000 biztanletik behera dituzten udalerrietan neurketa kopurua handiagoa izatea aurreikusi da, baina denboran mugatua. 

Neurketa hauek herritar boluntarioen bidez egiten dira eta horregatik laguntza eskatu du UEMAk. Neurtzaile izan nahi duten herritarrek apirilaren 15erako eman beharko dute izena UEMArekin harremanetan jarrita. Komenigarria da 3-4 taldeko pertsonak osatzea neurketa egunak euren artean banatzeko.

Bide horretan lagun dezakeen hitzarmen baten berri ere eman nahi du UEMAk. Izan ere, unibertsitateko ikasleen kasuan, EHUrekin hitzarmen bat sinatuko da, eta ikasleek aukera askeko kreditu bat lortuko dute neurketa honetan 25 orduko jarduna egiteagatik. Beraz, herrian interesa izan dezakeen ikasleren bat izanez gero, beregain hartu dezake neurketa egiteko ardura egun guztietan, ordu horiek betetzeko.

Apirilaren 19an, 18:00etan, izango da neurtzaileentzat formazioa online bidezko saio batekin. Neurtzaile ariko direnei bidaliko zaie online saioan parte hartzeko helbidearen lotura; norbaitek ezingo balu ordu horretan saiora joan, aurkezpenaren grabazioa bidaliko zaio.