Berriak
Atzealdea Alegiarrek festa giroan murgilduta jarraitzen dute azken egunaren atarian
2018·07·15
Hirugarren eguna dute gaurkoa Alegiako jaiek. Atzoko eguna bete-betekoa izan bazen, gaurkoa ere ez da atzean geratzen ari. Goizean herriko txistulari ohien kalejira bereziak esnatu ditu herritarrak. Azken urteetan egitarauan klasiko bihurtu den hitzordua da, zalantzarik gabe. Eguerdian balkoi eta leiho dotoreenaren lehiaketako sari banaketa egin da eta Maria Jesus Mañeru eta Miren Berasategi izan dira irabazleak. Ondoren, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen alardea izan da plazan. Ohiko formatutik atera eta emanaldi berezia eskaini dute bi abesbatzek. Kontzertuan gainera, Elena Alustiza, Izaskun Lopetegi eta Rikardo Intxaustiri eskertza egin zaie urteetan egindako lanagatik.
Arratsaldean ume jolasak egin dira Gaztelekuko gazteek antolatuta eta une honetan jokoan da eguraldiagatik Elorri pilotalekura lekualdatu behar izan den Gipuzkoako harri txikien txapelketa. Laster Tio Teronen Semeak taldearen Freshcool ikuskizuna hasiko da plazan eta gauean Sutarri dantza taldearen emanaldia eta Joxe Mendizabalekin dantzaldia izango dira.
Biharkoari begira, laugarren eta azken eguna izango dute jaiek. Jubilatuek eta haurrek izango dute protagonismoa eguneko zatirik handienean. Goizean jubilatuen mendi martxa eta hamaiketakoa egingo dira eta gazteen 3x3 saskibaloi txapelketa ere jokatuko da. Eguerdian umeen bazkaria ospatuko da eta bazkaloste betea izango dute gaztetxoek playbacka, zumba saioa eta Sardina Freskue! Haur antzerkiarekin. Indarrak berreskuratzeko txokolatea banatuko da eta toka txapelketaren ostean Fan&Go taldearen dantzaldiari emango zaio hasiera. Gauean ere dantzaldiak jarraituko du eta gauerdian Txintxarria erre eta jaiei amaiera emango zaie.
Asteleheneko egitaraua:
09:00 Loatzoko trikitilarien DIANA.
09:00 Jubilatuek antolatutako MENDI IBILALDIA.
09:00 3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA eskolako patioan. Kadete, infantil eta alebin mailak.
12:00 Jubilatuentzat HAMAIKETAKOA.
14:00 UMEEN bazkari herrikoia plazan.
15:00 Haurrentzako PLAY-BACK saioa.
Ondoren, zumba saioa.
16:30 Sardina frexkue HAUR ANTZERKIA plazan.
18:00 Umeentzako TXOKOLATEA plazan.
18:30 Herritarren arteko TOKA TXAPELKETA plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.
19:30 Fan&go dantza taldeekin erromeria
21:00 ZAHAGIARDOA plazan.
23:00 Fan&go taldearekin erromeria
00:00 Txintxarriaren erreketarekin AGURRA egingo diegu aurtengo jaiei.
Bibalabirjen jaiei agur
Gaur amaituko dira festak bulebarrean. Bost egunen ostean, herriko bertsolarien saioak emango die afalostean jaiei amaiera. Aurrez, arratsaldean mus txapelketa jokatu da.