Berriak
Atzealdea Andoni Agirrezabala alegiarraren ‘Etxe Berdea’ liburuaren aurkezpena egingo da azaroaren 17an kultur etxean
2022·11·10
Azaroaren 17an, osteguna, Andoni Agirrezabala Izagirre alegiarrak idatzi duen ‘Etxe Berdea’ liburuaren aurkezpen ekitaldia egingo da kultur etxeko areto nagusian. 18:00etan hasiko den ekitaldia herritar ororentzat irekia izango da eta idazlearekin batera, Alegiako irakurle taldeko dinamizatzailea den Amaia Goikoetxea Orbegozok hartuko du parte bertan. Duela aste gutxi argitaratu du Agirrezabalak bere lehen liburua Erein argitaletxearekin. Detektibe nobela bat ondu du alegiarrak. Duela hainbat urteko gertaera baten inguruan herriko aguazilak egindako ikerketa baten paperak izango ditu irakurleak begien aurrean. Udaletik herritarrak aurkezpen ekitaldian parte hartzera animatu nahi dira. Saioaren amaieran Agirrezabalak liburuak sinatuko dizkie hala nahi duten herritarrei.
Bide batez, irakurle taldeak abenduaren 15ean egingo duen saioan ‘Etxe Berdea’ liburua izango dute aztergai. Irakurle taldearen saioetan parte hartzeko liburuak irakurrita joan beharrik ez dagoela gogorarazten da.