Berriak

Atzealdea Andragorak datozen asteetako ekintzen berri eman du

‘Querer’ telesailaren zine forumak, emakumeen autonomia eta liderazgo tailerrak, bertso saio batek eta nokaren galerari buruzko hitzaldiek osatzen dute eskaintza

2025·11·06


Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, Andragorak, datozen asteetan eskainiko dituen ekintzen berri eman du. Azaroaren 10ean eta 17an ‘Querer’ telesailaren inguruko zineforuma izango da 17:30etik 20:00etara Andragoran bertan. 10ean lehen bi kapituluak eskainiko dira eta Laida Arrieta psikologo feministarekin solasaldia izango da. 17an berriz, beste bi kapitulu eskainiko dira eta Ane Iturbe eta Kistiñe Lujanbio Andragorako aholkulari juridikoekin solasaldia izango da.

Azaroaren 11n, asteartea, arratsaldeko 17:30ean, Jatorkin Al-Nahda elkarteak Emakumeentzako autonomia eta liderazgo tailerra antolatu du Andragoran eta lotura honetaneman daiteke izena.

Azaroaren 21ean, ostirala, arratsaldeko 18:30ean Ibarrako elizan Hezur berriak bertso-saio literarioa eskainiko da. Ane Labakak argitaratu berri duen "Hezur berriak" poesia-liburua oinarri hartuta, poema irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira, amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez arituz.

-Gai-emaile: Ane Labaka.

-Musikan: Ines Osinaga.

-Bertsotan: Alaia Martin, Amaia Agirre eta Uxue Alberdi.

Azkenik, abenduaren 4an, ostegunean, arratsaldeko 18:00etan Andragoran Nokaren galeraz eta higatzeaz bi hitz. Xuka eta noka, ipar eta hego, emakumeekin solasean liburuaren aurkezpena eizango da Uxoa Elustondoren eskutik.