Berriak

Atzealdea Apirilaren 21etik ekainaren 11ra luzatuko da Udaberriko Kultur Egitaraua

Guztira hamalau ekitaldi izango dira eta Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’ ikuskizuna izango da lehena

2023·04·14


Aste santua atzean uzten ari garen honetan badator Alegiako Kultura batzordeak antolatu duen Udaberriko Kultur Egitaraua. Apirilaren 21ean hasi eta ekainaren 11ra bitartean luzatuko da eta hamalau ekitaldi izango ditu. Batzuk urte sasoi honetan Alegian ohikoak direnak eta beste batzuk, berriak.

Apirilaren 21ean Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’ ikuskizuna eskainiko da zinean 22:00etatik aurrera. Emanaldi horretarako sarrerak apirilaren 17tik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean sei euroko prezioan. Apirilaren 24ean, astelehena, Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren saioa izango da liburutegian 17:00etan 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Hilaren 26an, asteazkena, Elbira Zipitriaren inguruko ‘Elbira’ dokumentala eskainiko da zinean 19:00etan eta hurrengo egunean Loatzo musika eskolako ikasleen bonbardino, tronboi eta tronpeta entzunaldia izango da 18:30ean kultur etxean.

Maiatzeko lehen ekitaldia 13an izango da. Txintxarri Abesbatza kultur elkarteak antolatuta, kantu bazkari herrikoi bat egingo da ‘Bankako Menditarrak’ taldearekin. Hilaren 17an, asteazkena, ‘Kepa Junkera, berpiztu’ dokumentala eskainiko da 19:00etan zinean. Egitarauko berritasunetako bat, maiatzaren 19tik ekainaren 4ra bitartean egingo diren ‘K’ argazki jaialdia izango da. Alegiako Argazkizaleen Elkarteak antolatu du eta laster ezagutaraziko dute egitaraua. Maiatzekoekin amaitzeko, hilaren 21ean Langaurre Eguna ospatuko da.

Ekaina ere beteta dator. Hileko lehen egunean bi ekitaldi izango dira. Sutarri dantza taldeko haurren tailerreko ikasleen emanaldia izango da 17:00etan kultur etxean eta 18:00etan irakurle taldeak urteko bigarren saioa egingo du liburutegian. Irene Nemirovskyren ‘Dantzaldia’ liburua aztertuko dute, Eider Rodriguezek euskarara ekarria. Amaia Goikoetxeak gidatuko du saioa. Ekainaren 2an, ostirala, Eskolako Festa ospatuko da eta hurrengo egunean Intxurre futbol taldeak denboraldi amaierako festa ospatuko du. Ekainaren 9an Sutarri dantza taldeak ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du 22:00etan Elorri pilotalekuan eta 11n, igandea, Korpus eguneko zahagiardoa egingo da plazan.

Ekitaldi guztiei buruzko informazioa webgune honetako agenda atalean edo Alegia APP mugikorretarako aplikazioan kontsultatu dezakezue.