Berriak
Atzealdea Apirilaren 26an ‘Elbira’ dokumentala eskainiko da 19:00etan zinean
2023·04·21
Apirilaren 26an, asteazkena, ‘Elbira’ dokumentala eskainiko da zinea 19:00etan. Hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria izan zen Elbira Zipitria. Euskal gizartearen memoria historikoa lantzea eta Elbiraren sakrifizioa aitortzea du helburu Iban Gonzalezek zuzendutako dokumentalak. Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak izango dira protagonista eta bere istorioaren narratzaile. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe Ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola Ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Horrez gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu filmak: erbestea, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua, besteak beste. Teresa López de Munainek emango dio bizitza andereñoari, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa edota Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.