Berriak
2020·03·04
Iñaki Artola eta Ander Imaz binakako pilota txapelketatik kanpo geratu dira. Larunbatean finalerdietara sailkatu ahal izateko partida jokatu zuten Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurka Iruñean eta 22 eta 17 galdu zuten. Aurkariek sekulako joko maila erakutsi zuten partida osoan zehar eta Artolak eta Imazek ezin izan zuten maila hori gainditu. Horrenbestean, lehen ligaxkan hirugarren geratu ostean, binakako txapelketatik kanpo geratu dira alegiarra eta oiartzuarra, finalerdien atarian.
Intxurrekoak finaletan
Gomazko paletako Euskal Herriko Irekiko finala jokatuko dute larunbatean Mallabian Intxurreko Anne Agirrek eta Uxue Olanok. Iragan larunbatean Alegian jokaturiko finalerdian, taldekide dituzten Maddi Iturrioz eta Oneka Karrera menperatu zituzten 30 eta 16 eta modu horretan lortu zuten finalerako txartela. Finalean Larraungo ordezkariak izango dituzte aurkari. Bezperan, ostiralean, Udaberri txapelketako modalitate bereko emakumezkoen jubenil mailako finalean ariko dira Intxurreko Agirre eta Olano. Zarautzen jokatuko den finalean Zumaiako bikotea izango dute aurkari. Eskuz binaka, gizonezkoen partida bakarra jokatuko da ostiralean Elorri pilotalekuan. Infantilen lehen mailan Gipuzkoako txapelketako partida izango dute Intxurrek eta Lazkaok 19:00etatik aurrera.