Berriak

Atzealdea Artola eta Imaz binakako txapelketako laugarren postuan daude lehen itzulia amaitu ostean

Ostiralean Getarian ekingo diote bigarren itzuliari Lasoren eta Albisuren aurkako partidarekin

2020·01·08


Iñaki Artolak eta Ander Imazek laugarren postuan amaitu dute binakako pilota txapelketako lehen itzulia. Zazpi partidaren ostean lau puntu batu dituzte eta hirugarren dauden Ezkurdiarekin eta Martijarekin berdinduta daude. Indartsu ekin zioten txapelketari lehen hiru partidak irabazita baina azken lau neurketetan hiru porrot jaso dituzte. Azkena iragan igandean Jakaren eta Zabaletaren aurka. Zabaletak sekulako maila eman zuen eta horren aurrean gauza gutxi egin ahal izan zuten alegiarrak eta oiartzuarrak. Gauzak horrela, bigarren itzuliko lehen partida jokatuko dute ostiralean Getarian. Laso eta Albisuren aurkakoa izango dute eta partidak badu bere garrantzia. Izan ere, Artolak eta Imazek bi puntuko tartea zabalduko dute aurkariekiko partida irabazten badute. Aldiz, galtzen badute, sailkapenean berdinduta geratuko dira bi bikoteak.

Intxurre Udaberri txapelketan

Urte berriarekin batera, Intxurreko pilotariak Udaberri txapelketa jokatzen hasiko dira asteburuan. Gomazko paletan aritzen diren neska jubenilak izango dira txapelketan sartzen lehenak eta Intxurreko hiru bikoteak etxean ariko dira ostiralean 19:00eatik aurrera. Jaialdiari infantil mailako gizonezkoen eskuz binakako Gipuzkoako txapelketako partida batekin emango zaio hasiera eta Intxurrek Azkoitiaren aurka jokatuko du. Gomazko paletan, Intxurreko bi bikoteren arteko lehia jokatuko da batetik eta beste partidan Mundarro izango da Intxurreren aurkaria.

Bestalde, iragan asteburuan Intxurreko Zubeldiak Gipuzkoako eskuz banakako gizonezkoen jubenil mailako finala jokatu zuen Tolosako Amianoren aurka eta 22 eta 12 galdu zuen.