Berriak

Atzealdea Artola eta Mariezkurrena binakako txapelketako finalerdietan izango dira igandean irabazten badute

Altunaren eta Martijaren aurkako partida erabakiorra jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan

2019·02·13


Iragan igandean Arteagaren eta Albisuren aurka txapelketako zazpigarren puntua batuta, Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak igande honetan lortu dezakete matematikoki binakako pilota txapelketako finalerdietan izateko txartela. Tolosako Beotibar pilotalekuan Altunaren eta Martijaren aurkako partida jokatuko dute. Bi bikoteen artean puntu bateko aldea dago alegiarrarren eta berriozartarraren alde eta igandeko puntua lortzen badute, lehen lau postuetan sailkatzea ziurtatuko dute. Artolak eta Mariezkurrenak igandean ez badute irabazten, azken jardunaldian sailkatzeko aukerekin jarraituko dute baina asteburu honetako emaitzen arabera, gauzak dezente nahastu daitezke azken jardunaldi horri begira.

Intxurrekoak bihar eta ostiralean

Intxurreko pilotariek txapelketa ezberdinetako partidak izango dituzte bihar eta etzi. Bihar, osteguna, Udaberri txapelketan, gizonezkoen nagusien bigarren mailan, Intxurre eta Tolosa neurtuko dira Elorri pilotalekuan 19:30ean. Ostiralen 18:30ean hasiko da jaialdia eta bi partida izango ditu. Eskuz binaka, gizonezko kadeteen bigarren mailan, Intxurrek Eibar izango du aurkari eta gomazko paletan, emakumezko jubeniletan, Intxurre eta Hernani neurtuko dira.

Kluben arteko Euskal Herriko txapelketan, gizonezkoen nagusien ohorezko mailan, Intxurreko eta Oberenako gizonezkoen bikoteak neurtuko dira ostiralean Hernanin.