Berriak

Atzealdea Artola eta Mariezkurrena ez dira binakako pilota txapelketako finalerdietan izango

Azken jardunaldian 22 eta 21 galdu zuten Ezkurdiaren eta Galarzaren aurka Iruñeko Labriten

2019·02·27


Amaitu da Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren ibilia binakako pilota txapelketan. Hainbat jardunalditan finalerdietatik oso hurbil izan ostean, iragan asteburuan jokatu zen azken jardunaldian aukerarik gabe geratu ziren. Lehen egitekoa beraien partida irabaztea zuten eta hori ez zuten lortu. Ezkurdiaren eta Galarzaren aurka 22 eta 21 galdu zuten eta emaitza horrek txapelketatik kanpo utzi zituen. Tentsio handiko partida izan zen eta alegiarra eta berriozartarra partidaren zatirik handienean atzetik joan ostean, 21nako berdinketara iritsi ziren. Azken tantoa Ezkurdiaren eta Galarzaren aldera erori zen ordea eta hortxe galdu ziren aukera guztiak. Dena den, Artolak eta Mariezkurrenak txapelketa benetan duina osatu dute, maila bikaina emanez.

Intxurrekoak Udaberri txapelketan

Gomazko paletan ari diren emakumezko jubeniletako bi bikoteak Udaberri txapelketako finalera sailkatu dira. Lehen fasean sailkapeneko aurreneko bi postuetan geratu dira eta horrenbestean, finala jokatuko dute elkarren aurka martxoko bigarren asteburuan. Gizonezkoen eskuz binakako hiru bikotek ere lehen fasea gainditu dute. Kadeteen lehen mailakoek final laurdenak jokatuko dituzte Zestoaren aurka, jubenilen lehen mailakoek finalerdiak Lazkaoren aurka eta nagusien bigarren mailan ere finalerdietarako sailkatu dira: Kasu honetan Lagunaken aurka jokatuko dute.

Asteburu honi begira jarrita, ostiralean 19:00etan eskuz binakako bi partida jokatuko dira Elorrin. Gizonezkoen alebin eta infantil mailakoak izango dira eta Behar Zana eta Ilunperen aurka ariko dira Intxurrekoak.