Berriak
Artolak eta Arangurenek azken hiru partidetan emaitza onak lortu beharko dituzte binakako txapelketako play offean sartu ahal izateko
2021·03·15
Iñaki Artolak eta Aitor Arangurenek borrokan jarraitu beharko dute binakako pilota txapelketako play offean izan nahi badute. Ligaxka amaitzen denean, lehen bi sailkatuek finalerdietarako txartela poltsikoan izango dute eta hirugarren postutik seigarrenera bitartean sailkatzen direnek, bi txartel lortzeko kanporaketak izango dituzte. Une honetan, ligaxka amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean, Artola eta Aranguren zazpigarren daude, seigarren postutik garaipen batera. Ezkurdia eta Galarza dira seigarren postu horren jabe behin behinean eta bi bikoteek elkarren aurkako lehia garrantzitsua jokatuko dute igandean Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Artolak eta Arangurenek irabazten badute bete-betean sartuko dira play off postuetarako borrokan.