Berriak
2020·01·16
Iñaki Artolak eta Ander Imazek eskura izan zuten iragan ostiralean binakako txapelketako bosgarren puntua. Lasoren eta Albisuren aurka jokatu zuten Getarian eta markagailuan une askotan aurretik joan arren, azkenerako 22 eta 21 galdu zuten. Partidaren hiru laurdenetan nagusi izan ziren alegiarra eta oiartzuarra. 15 eta 6 ere aurretik izan ziren eta lehia bideratuta zutela zirudienean, aurkarien erreakzioak jokoz kanpo utzi zituen. Zortzi partida jokatuta, lau garaipen dituzte Artolak eta Imazek eta larunbatean, behetik gora datozen Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute Mungian.
Intxurrekoak Udaberri txapelketan
Bihar 18:30ean hasita Intxurreko pilotarien lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Laurak gizonezkoen eskuz binakakoak izango dira. Lehena eta hirugarrena infantil mailakoak izango dira eta Olalde eta Aretxabaleta izango dira Intxurrekoen aurkariak. Bigarrena eta laugarrena Udaberri txapelketari dagozkionak izango dira. Nagusien bigarren mailan Intxurrek Alde Zaharraren aurka jokatuko du eta kadeteen bigarren mailan Añorga izango da Intxurreren aurkaria.