Berriak
Atzealdea Artolak eta Imazek binakako txapelketako zazpigarren puntua lortu zuten Irribarriari eta Rezustari irabazita
2020·02·05
Iñaki Artolak eta Ander Imazek binakako txapelketako bigarren postuari eusten diote iragan larunbatean Irribarriari eta Rezustari 22 eta 21 irabazi ostean. Partida gogorra eta zirraragarria izan zen. Lehen zatian Irribarriak eta Rezustak agindu egin zuten eta 9-5 aurreratu ziren markagailuan. Iñaki Artola pixkanaka jokoan sartzen hasi zen eta partida orekatu egin zen. Dena den, bigarren atsedenaldira ere hiru tantoz atzetik iritsi ziren alegiarra eta oiartzuarra. Handik aurrera ordea, Artolak eta Imazek gehiago asmatu zuten 21nako berdinketarekin, Rezustaren huts batek eman zien garaipena. Garaipenarekin batera txapelketako zazpigarren puntua eta urrats bat finalerdietan izateko aukerei begira. Igandean Tafallan jokatuko dute hurrengo partida sailkapenean beraiekin berdinduta dauden Ezkurdiaren eta Martijaren aurka.
Intxurrekoak ostiralean eta igandean
Udaberri txapelketako lau partida jokatuko dira asteburuan Elorri pilotalekuan. Ostiralean 18:30ean hasiko den jaialdian hiru jokatuko dira. Lehen biak gizonezkoen eskuz binakakoak izango dira eta jubenilen lehen mailan Intxurrek Lazkaoren aurka jokatuko du. Nagusien bigarren mailan berriz, Izurun izango da Intxurreren aurkaria. Jaialdia ixteko, emakumezkoen gomazko pilotako partida bat jokatuko da. Jubeniletan, Intxurrek Zumaia izango du aurkari. Igandean berriz, gizonezkoen eskuz binakako partida bakarra jokatuko da 10:30ean eta Intxurre eta Lazkao neurtuko dira.