Berriak

Atzealdea Artolak eta Imazek bosgarren puntua batu zuten binakako pilota txapelketan

Lasori eta Arangureni 22 eta 14 irabazi zieten eta larunbatean sailkapeneko liderren aurka ariko dira Iruñeko Labriten

2024·01·17


Iñaki Artolak eta Ander Imazek binakako pilota txapelketako bosgarren puntua lortu zuten larunbatean Unai Lasori eta Aitor Arangureni 22 eta 14 irabazita. Lehen tantoetan markagailuan atzetik izan ziren alegiarra eta oiartzuarra baina partida erdirako lortu zuten aurretik jartzea, Iñaki Artolak egindako lan apartari esker neurri handi batean. Jokoaren erantzukizuna berak hartu zuen eta aurkariek baino gehiago asmatu zuen. Azkenerako 22 eta 14 amaitu zen partida eta Artolak eta Imazek bosgarren puntua lortu zuten.

Une honetan sailkapeneko hirugarren postuan daude eta larunbatean lidertzan dauden Jakaren eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute Iruñeko Labriten.

Intxurrekoen partidak

Intxurreko pilotarien bost partida jokatuko dira ostiralean 18:15ean Elorri pilotalekuan. Udaberri, Gipuzkoa eta Kluben arteko Euskal Herriko txapelketetakoak izango dira eta hemen zerrenda:

-Gomazko paleta emakumezko jubenilak: Intxurre-Zumaia.

-Eskuz binaka gizonezko infantilen bigarren maila: Intxurre-Hernani.

-Eskuz binaka gizonezko infantilen lehen maila: Intxurre-Bergara.

-Eskuz binaka gizonezko infantilen bigarren maila: Intxurre-Pagazpe.

-Eskuz binaka gizonezko gazteen maila: Intxurre-Tolosa. (20:30).