Berriak

Artolak eta Imazek garaipenarekin ekin diote binakako pilota txapelketari

Igandean Sorian jokatuko dute bigarren jardunaldiko partida Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurka

2019·11·27


Iñaki Artolak eta Ander Imazek garaipenarekin hasi dute binakako txapelketako aurtengo ibilia. Astelehenean Lasoren eta Albisuren aurkako partida izan zuten Tolosako Beotibarren eta 22 eta 18 irabazi zuten. Txapleketako partida serio horietakoa izan zen. Lan asko egin behar izan zuten lau pilotariek eta alegiarrak eta oiartzuarrak uneren batean partidak ihes egingo ote zien ere pentsatu zuten. 18 eta 15 atzetik ziren eta une horretan Artolak erantzukizuna bere bizkar hartu zuen eta aurkarien huts batzuk lagunduta, 22raino zuzenean joatea lortu zuten, lehen puntua lortuz. Bigarren jardunaldiko partida igandean jokatuko dute bi gipuzkoarrek. Soriarainoko bidaia egin beharko dute Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurkako lehia jokatzeko. Hauek lehen puntua lortu zuten iragan asteburuan, Bengoetxearen eta Aretxabaletaren aurka 22 eta 21 irabazi ostean.

Intxurrekoen partidak

Gomazko paletako emakumezko jubenilek amaitu dute lehen fasea eta Agirrek eta Karrerak osaturiko bikoteak finalerako txartela lortu du lehen postuan amaitu ondoren. Muruak eta Iturriotzek finalerdia jokatuko dute Hernaniren aurka eta beraz, gerta liteke finalean Intxurreko bi bikote aritzea. Partida hori ostiralean 19:00etan Elorri pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partida izango da. Ondoren gizonezkoen eskuz banakako bi partida jokatuko dira. Kadeteen bigarren mailan, Zabalak Zumaiako Sasiainen aurka jokatuko du eta jubenilen lehen mailan, Zubeldia Tolosako Ezenarroren aurka ariko da.

Hori ostiralari dagokionean. Izan ere, ostegunean, larunbatean eta igandean ere izango dira partidak Elorrin. Ostegunean 19:10ean, kadeteen bigarren mailan, Otaegi, Zazpi Itturriko Agirretxeren aurka ariko da. Larunbatean berriz, eskuz binaka gizonezkoen kadeteen mailan, Gipuzkoako txapelketako final laurdenetako partida jokatuko dute Intxurrek eta Legazpik 18:00etan. Azkenik, igandean, eskuz banaka, gizonezkoen nagusien bigarren mailan, Oiarbide eta Oiarpeko Iñarra neurtuko dira 11:00etatik aurrera.