Berriak

Atzealdea Artolak eta Imazek hirugarren postuan amaituko dute binakako pilota txapelketako lehen fasea

Alegiarrak eta Imazen ordez aritu zen Arangurenek 22 eta 8 irabazi zieten Altunari eta Galarzari ostiralean

2020·02·19


Iñaki Artolak eta Ander Imazek hirugarren postuan amaituko dute binakako pilota txapelketako lehen fasea. Oraindik datorren hamalaugarren jardunaldia geratzen da baina gauzak dauden moduan, alegiarrak eta oiartzuarrak postu horretan amaituko dute. Horrela, sailkapeneko seigarren postuan amaitzen duen bikotearen aurka jokatuko dute finalerdietarako txartela jokoan izango duen partida otsailaren 29an Iruñeko Labriten.

Iragan ostiralean Altunaren eta Galarzaren aurkako partida irabazi zuten Artolak eta Imazen ordez aritu zen Arangurenek. Partida serioa jokatu zuten eta aurkarien egun txarra baliatuta, txapelketako zortzigarren puntua poltsikoratu zuten 22 eta 8 irabazita. Ezkurdiak eta Martijak ere irabazi egin zutenez, Artolak eta Imazek ezinezkoa dute bigarren postua lortzea baina aldi berean, inork ezin die kendu hirugarren postua azken jardunaldian. Alegiarrak eta oiartzuarrak otsailaren 25ean jokatuko dute azken jardunaldiko partida Jakaren eta Zabaleta liderren aurka, inauterien azken egunean Tolosako Beotibarren.

Intxurrekoak ostiralean

Intxurreko pilotarien lau partida jokatuko dira ostiralean Elorri pilotalekuan. 18:45ean hasiko da jaialdia eta lau partidak gizonezkoen eskuz binakakoak izango dira.

  1. Eskuz binaka. Gizonezko infantilak. Intxurre-LAPKE. (Gipuzkoako txapelketa)
  2. Eskuz binaka. Gizonezko kadeteak 2. maila. Intxurre-Oiarpe. (Udaberri txapelketa)
  3. Eskuz binaka. Gizonezko nagusiak 1. maila.. Intxurre-LAPKE. (Udaberri txapelketa)
  4. Eskuz binaka. Gizonezko nagusiak 2. maila. Intxurre-Tolosa. (Udaberri txapelketa)