Berriak
Atzealdea Artolak eta Imazek porrotarekin ekin diote binakako txapelketari
2023·11·29
Iñaki Artolak eta Ander Imazek ezin izan zuten irabazi binakako txapelketako lehen jardunaldian. Peñaren eta Albisuren aurka jokatu zuten Seguran eta 22 eta 19 galdu zuten. Partida gogorra eta lehiatua izan zen. Bi bikoteek ezin izan zuten markagailuan alderik zabaldu lehen erdian. Artolak eta Imazek 15 eta 11 aurreratzea lortu zuten baina aurkariek zulo hori ixtea lortu zuten eta azken tantoetara orekatuta iritsi ziren. Alegiarrak eta oiartzuarrak 19 eta 18 aurreratzea lortu zuten baina azken lau tantoak aurkariek egin zituzten eta 22 eta 19 amaitu zen partida.
Lehen porrot horren ostean, Artolak eta Imazek abenduaren 6an, asteazkena, jokatuko dute Lasoren eta Arangurenen kontra Tolosako Beotibarren. Hauek ere lehen partida galdu egin zuten eta ikusi beharko da Unai Lasok partida hori jokatzen ote duen edo ez, bere lesiotik osatzen ari delako. Nafarrak ez badu jokatzen, Larrazabalek osatuko du bikotea Arangurenekin.
Intxurrekoen partidak
Ostegunean eta ostiralean Intxurreko pilotarien eta palisten partidak jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Hemen zerrenda:
Azaroak 30, osteguna, 18:00etan:
-Eskuz banaka gizonezkoen jubenilen bigarren maila: Collado (Intxurre)-Karrera (Zazpi Iturri).
-Eskuz banaka gizonezkoen alebinen bigarren maila: Agirrezabala (Intxurre)-Nuñez (Beloki).
Abenduak 1, ostirala, 18:00etan:
-Gomazko paleta emakumezko jubenilak: Intxurre-Behar Zana.
-Eskuz banaka gizonezkoen alebinen bigarren maila: Altuna (Intxurre)-Gastiain Laia (Abantzu).
-Eskuz banaka gizonezkoen alebinen bigarren maila: Mugica (Intxurre)-Eizagirre (Ilunpe).
-Eskuz banaka gizonezkoen infantilen bigarren maila: Telleria (Intxurre)-Sorondo (Alde Zaharra).
-Eskuz banaka gizonezkoen infantilen lehen maila: Leo (Intxurre)-Aranalde (Tolosa).
-Eskuz banaka gizonezkoen jubenilen lehen maila: Madina (Intxurre)-Bidezabal (Gazteleku).