Berriak
Artolak eta Rezusta binakako masterseko finalerdietan dira Elezkanori eta Aretxabaletari 22 eta 19 irabazi ostean
2020·08·31
Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak binakako masterseko finalerdiak jokatuko dituzte. Larunbatean Elezkanoren eta Aretxabaletaren aurka jokatu zuten Tafallan eta gogotik lan egin ostean 22 eta 19 irabazi zuten, matematikoki txartela lortuz. Partida gogorra eta lehiatua izan zen. Elezkanok asko nahasi zuen jokoa eta Artola eta Rezusta ez ziren eroso aritu. Alegiarrak aurrean ez zuen beste egunetako argitasunik izan eta bergararrak ere ez zuen besteetan bezala agindu. Lehen atsedenaldira 12 eta 9 atzetik iritsi ziren eta bigarrenera 18 eta 15 galtzen. Handik aurrera jokatu zituen Artolak partidako tantorik onenak eta azkenerako 22 eta 19 irabazi zuten.
Igandean hamabigarren jardunaldiko partida jokatuko dute Lekeition. Altuna eta Imaz izan dira orain arte mastersean Artola eta Rezusta menpean hartzeko gai izan diren pilotari bakarrak eta elkarren aurka ariko dira.