Berriak
2020·09·22
Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak binakako pilota masterseko finala jokatuko dute igandean Bilbon. Atzo Bengoetxearen eta Martijaren aurkako finalerdia jokatu zuten Logroñon eta nagusitasunez irabazi zuten, 22 eta 11. 3 eta 0 irabazten hasi ostean, aurkariak tanto bakarrera hurbildu ziren 5 eta 4koan. Handik aurrera ordea, 8 eta 0eko partzial batekin tartea zabaldu zuten eta eroso jokatu zuten, une oro aginduz. Igandeko aurkariaren berri ostiralean izango dute, Olaizola-Zabaleta eta Altuna-Imaz bikoteen arteko finalerdia irabazten duen bikotearen aurka ariko direlako finalean.
Intxurrekoak martxan
Iragan asteburuan hasi ziren Intxurreko pilotariak denboraldi berriko partidak jokatzen. Gipuzkoako txapelketa izango da sasoi berriko lehen hitzordua eta Intxurrek hamaika bikote izango ditu lehian, eskuzko zein gomazko paletako modalitateetan. Gizonezkoen zazpi bikote izango dira eskuz binaka eta emakumezkoen lau gomazko paletan. Asteburuan bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira.