Berriak

Artolak eta Rezustak garaipenarekin ekin diote binakako Mastersari

Urrutikoetxearen eta Irribarriaren aurka 22 eta 14 irabazi zuten Bilbon jokaturiko partidan

2020·06·29


Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak ondo ekin diote pilota enpresek udari begira antolatu duten binakako txapelketari. Larunbatean Urrutikoetxearen eta Irribarriaren aurkako partida izan zuten Bilbon eta 22 eta 14 irabazi zuten. Partida hasiera orekatu baten ostean, alegiarra eta bergararra 9 eta 4 aurreratu ziren eta handik aurrera markagailuan aurretik joan ziren partida osoan zehar. Itxura ona eman zuten Artolak eta Rezustak elkarrekin txapelketa batean jokaturiko lehen partidan eta aurreneko puntua zakuan sartuta itzuli ziren etxera.

Bigarren jardunaldiari dagokion partida igandean jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta izango dituzte aurkari. Hauek asteazkenean jokatuko dute lehen jardunaldiari dagokion partida Irunen Bengoetxearen eta Martijaren aurka.