Berriak

Asteburu oparoa izan da Intxurreko futbol taldeentzat

Jokatutako lau partidetan hiru garaipen lortu dituzte talde alegiarreko futbolariek

2016·09·28


Emaitza onak izan dituzte orokorrean asteburuan Intxurreko futbol taldeek. Jokaturiko lau partidetan, hiru garaipen eta porrot bateko uzta izan dute. Kadete mailako bi taldeak eta jubenilak izan dira txanponaren aurkia. Aldiz, gorengoen mailako taldea ifrentzua izan da. Kadete mailako neskek 0 eta 2 irabazi zuten Zarautzen. Multzoko lehen partida zuten eta etxetik kanpo itxura sendoa emanez ekin diote denboraldiari. Sailkapeneko lehen postuan dira eta Urnieta izango dute aurkari bigarren jardunaldian larunbatean 11:00etan etxean. Maila bereko mutilek 3 eta 0 irabazi zioten Lazkaori. Bi garaipenekin sailkapeneko bigarren postuan dira sei punturekin eta punturik gabe dagoen Aizkorriri egingo diote bisita larunbatean 10:00etan.

Jubenilek 6 eta 1 irabazi zuten Segura Goierriren aurka. Lehen jardunaldiko porrotaren ostean neurketa erosoa izan zuten alegiarrek eta sailkapeneko laugarren postuan jarri dira. Bi partidak irabazita bigarren dagoen Lazkaoren zelaian jokatuko dute larunbatean 18:00etan. Azkenik, gorengoen mailako taldea izan da punturik bildu ez duen talde bakarra. 6 eta 1 galdu zuten Zestoan eta hamabigarren postuan dira puntu batekin. Beraien atzetik punturik gabe dagoen Getariako Ketaren aurka jokatuko dute etxean larunbatean 16:00etan.