Berriak

Atzealdea Asteburuan bete-betean sartuta dira Alegiako jaiak

Eguerdian jendetza elkartu da plazan sagardo dastaketarako eta arratsaldean kirol ekitaldiek hartu dute lekukoa

2019·07·13


Atzoko hasiera indartsuaren ostean, bigarren egunarekin asteburuan bete-betean sartu dira Alegiako jaiak. Goiz parteko dianak esnatu ditu herritarrak eta eguerdian jendetza elkartu da plazan sagardo dastaketarako. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide eta Aulia sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izan da eta urtero bezala, bertan bildu direnek azkar luzatu dute eskua sardina eta txorizo errekin atera diren ontzietara. Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek jarri diote soinua eguerdiari.

Arratsaldeko lehen kirol hitzordua IV. Alegiako Goitibehera Jaitsiera izan da. Galarreta baserriko bidean behera askotariko ibilgailuak ikusteko aukera izan da eta ikuskizun ederra eskaini dute parte hartzaileek. Eguraldia lagun, asko izan dira bihurguneetan elkartu diren zaleak, gidarien jarduna ikusteko.

Une honetan Elorri pilotalekuan hiru partidaz osaturiko jaialdia jokatzen ari dira. Lehen bi neurketak Alegiako IX. Pilota Txapelketari dagozkionak dira. Emakumezkoek palaz jokatuko dute eta Garmendia eta Mendizabal Irazustabarrenaren eta Erasunen aurka ariko dira. Ondoren gizonezko jubenilak eskuz binaka ariko dira eta Altunak eta Etxeberriak Senarri eta Zalakaini egingo diete aurre. Azkenik, profesionalen eskuz binakako partida jokatuko da. Aimar Olaizola eta Urretabizkaia Arteagaren eta Erasunen aurka ariko dira.

Gau parteari begira, gaueko zahagiardoa Larraitz auzoan izango da. 23:00etan Deabru Beltzak taldeak Les Tambour de Feu kale ikuskizuna eskainiko du eta gauerditik aurrera Josu Rodriguez DJa ariko da plazan.

XIII. Txintxarri Saria

Biharko hitzordu nagusietako bat harrijasotzaileen Txintxarri Saria izango da. Hamahirugarren ekitaldia izango du eta 18:30etik aurrera ondoko harrijasotzaileak ariko dira lehian, aldi berean Euskadiko harri txikien txapelketa ere izango denean: Aimar Irigoien, Izeta IV, Mikel Lopetegi, Imanol Albisu, Xabier Peñagarikano eta Xabat Olaizola. Ekitaldi berean Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola harrijasotzaileek harri ezberdinekin saio bat egingo dute.

Kirolarien jardunaren aurretik eta ondoren ere izango de ordea zer ikusia Alegian. Goizean herriko txistulari ohien kalejira berezia izango da, jada egitarauko klasikoetako bat bilakatu dena. 11:00etatik aurrera eta arratsaldez ere, haurrentzako jolas parkea egongo da eskolako patioan. Eguerdian balkoi eta lorategi ederrenaren lehiaketako sari banaketa egingo da eta ondoren Aire Ahizpen kontzertua izango da plazan. Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobek osaturiko taldea da Nafarroa Behereko Urepel herritik etorriko dena.

Txikienek, jolas parkearen ostean apar festa izango dute eta 19:30ean Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du plazan. Zahagiardoaren ostean, Fan&Go taldearekin erromeria izango da plazan. Biharko egitaraua:

IGANDEA 14

09:00 KALEJIRA BEREZIA, herriko txistulari ohiekin.

11:00-14:00 Haur parkea eskolako patioan.

12:15 Leiho eta balkoi ederrenaren lehiaketako sari banaketa.

12:30 AIRE AHIZPAK taldearen emanaldia.

16:00 Haur parkea eskolako patioan.

18:00 Apar festa.

18:30 HERRI KIROLAK Larraitz auzoko plazan

                HARRIJASOTZAILEEN XIII. TXINTXARRI SARIA

                Harri txikien Euskadiko harri-jasotze txapelketa. Partehartzaileak:

  • Inhar Urruzuno Pagoaga (Bi)
  • Imanol Albizu Arrilaga “Goikoetxe” (Gi)
  • Iñigo Eizagirre Ascaray (Gi)
  • Hodei iruretagoiena uria “Izeta IV” (Gi)
  • Mikel Lopetegi Gereka “Urra” (Gi)
  • Xabat Olaizola Aristi (Gi)
  • Aimar Irigoien Jauregi (Gi)

19:30 TIO TERONEN SEMEAK taldearen Festamentua” emanaldia.

21:00 ZAHAGIARDOA plazan.

23:00 FAN&GO taldearekin erromeria.

 

Bulebarrean kontzertuak

Bibalabirjen jaiak azken aurreko egunean dira. Atzoko egun luzeari buelta emateko, zahagiardoa egingo da iluntzean eta gauean Herenegun eta Basati taldeen kontzertuak izango dira Bulebarrean. Bihar amaituko dira jaiak.