Berriak
Atzealdea Asteburuan murgilduta dira Alegiako festak
2023·07·15
Erabatekoa da festa giroa Alegian. Atzoko hasiera indartsuaren ostean, gaurko eguna ere ari da berea ematen. Goizeko dianarekin nagiak atera ostean, eguerdirako plazan elkartu dira alegiarrak eta herrira hurbildu direnak, gero eta jende gehiago elkartzen duen sagardo dastaketarako. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia sagardotegietako sagardoa izan da dastagai eta parrillatik ateratzen ziren txorizo eta sardina errek ez dute askorik iraun udal langileen banaketa ontzietan. Estimu handia izan dute, beste behin ere.
Arratsaldean Jokai, euskal mitologian oinarrituriko jolasak egin dira eskolako patioan eta 19:00etan bertsolarien txanda izango da. Maialen Lujanbio, Eñaut Martikorena, Jexux Mari Irazu eta Alaia Martin ariko dira plazako oholtzan kantuan, Iker Iriartek jarritako gaien bueltan. Zahagiardoaren ostean Kaiña-Bi Trikifarra taldearekin kalejira egingo da eta gauerdian DJ Risasen saioa izango da plazan.
Biharko eguna ere indartsu dator. Herriko txistulari ohien kalejira, Golden Apple Quarteten kontzertua eta sokamuturra izango dira hitzordurik nagusienak. Guztia, Iraunkorrak txarangak egun osoan kaleak alaituta. Hemen egitaraua:
Uztailak 16, igandea
09:30. KALEJIRA BEREZIA, herriko txistulari ohiekin.
11:00. Alegiako erraldoien eta Giroarte dultzaina taldearen kalejira.
12:15. GOLDEN APPLE QUARTET taldearen emanaldia.
Ondoren, Iraunkorrak txaranga kalez kale ibiliko da, egun guztian zehar.
17:00. Sokamuturra plazan.
18:30. Alegiako erraldoien kalejira Larraitz auzoko plazaraino.
19:00. Trial Bike erakustaldia, Benito Rosen eskutik, Larraitz auzoko plazan.
21:00. ZAHAGIARDOA Larraitz auzoko plazan.
23:00. Mugi panderoa taldearekin erromeria plazan.
Etxera taldean joateko hitzorduak
Udalak eta Eztanda talde feministak sustaturiko ‘Ez ezetz da!’ kanpainaren baitan, gaur gauean ere eskainiko da etxera taldean joateko zerbitzua. 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan izango dira hitzorduak. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea. Ordutegi horretatik kanpo norbaitek laguntza beharko balu, 606 797 135 zenbakira deitu dezake.
Bulebarrean musika ugari
Atzoko egun indartsuaren ostean, gazteek gau partean helduko diote festari berriz. Zahagiardoan afaldu eta musika eskaintza anitza izango da ondoren. Lehenik Jikuri eta Hoben taldeak ariko dira eta ondoren DJ saioa izango da. Likkle Selektah eta DJ Nazaren esku izango da bulebarreko musika eskaintza.