Berriak
Atzealdea Asteburuan murgiltzera doaz Alegiako jaiak
2022·07·15
Bigarren egunarekin asteburuan sartuko dira Alegiako jaiak. Atzoko lehen egunaren ostean, goiz esnatu da herria Giroarte dultzaina taldearen dianarekin. Jubilatuek mendi martxa egin dute eta hirugarren adineko gimnasia taldeak erakustaldi bat eskaini du. Indarrak berdintze aldera, goiz erdian hamaiketakoa izan dute jubilatuek eta ondoren gaztetxoek hartu diete erreleboa. 11:00etan haur parkeari hasiera eman zaio eta 11:30ean nerabeek ‘Konkis Txiki’ egin dute futbol zelaian, telebistako saio entzutetsuan egiten diren proben antzekoak eginez.
Eguerdian nerabeen 0,0 zahagiardoa egin da plazan eta arratsalde partean Larraitz auzora joan dira. Bertan merienda banatu zaie eta une honetan playbacka egiten ari dira. Alegiako erraldoiekin kalejiran itzuliko dira kalera eta 19:00etan toka txapelketa egingo da adin talde ezberdinentzat plazan. Gaurko zahagiardoa zubian izango da eta gauean kirola eta musika izango dira protagonista. 22:00etan Alegiako X. Pilota txapelketako finalak jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Kadeteetan Muruak eta Leonetek Zestauren eta Iturriozen aurka jokatuko dute. Nagusietan Murua eta Aratz Irazustabarrena alegiarra Elolaren eta Aizpururen aurka ariko dira. Gauerditik aurrera, Nikotina eta Skabidean taldeen kontzertuak izango dira plazan.
Biharkoari begira, goizean herriko erraldoien kalejira izango da eta eguerdian sona handia duen sagardo dastaketa, txorizo eta sardina erreekin. Arratsaldean 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da eta bertso saioa ere izango da plazan 19:00etan. Gauean Denis eta Oizeder DJak ariko dira plazan. Hemen biharko egitaraua:
09:00. Giroarte dultzaina taldeak alaituriko DIANA.
11:00. Alegiako erraldoien KALEJIRA elizatik.
12:00. SAGARDO DASTAKETA txorizo eta sardina erreekin. SAGARDOTEGIAK: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia.
16:00. 3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA Larraitz auzoko plazan. Nagusien maila.
18:00. Billabonako erraldoi eta buruhandiekin, Loatzo musika eskolako dultzaina ikasleekin eta Giroarte dultzaina taldearekin KALEJIRA.
19:00. BERTSOLARIAK plazan. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Unai Mendizabal. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
21:30. ZAHAGIARDOA LARRAITZ AUZOAN.
00:00. Dj Oizeder.
Bulebarrean egun handia gaur
Jaietako egunik indartsuena ospatzen ari dira gazteak. Eguerdian bertso poteoarekin hasi dira eta bazkariaren ostean, kuadrillen arteko jolasetan aritu dira. Gauean musika izango da nagusi. Liluraren kontra eta Skasti taldeak ariko dira bulebarreko oholtzan eta DJ Kraken Ekok emango dio festari jarraipena, goizaldean txaranga hasi bitartean.