Berriak
Atzealdea

Astelehenetik aurrera eskuragarri izango dira berriz herrian kontsumoa sustatzeko bonoak

Kultur etxean egongo dira salgai 16:00etatik 20:00etara eta saltoki bakoitzean bana erabili ahal izango da

2020·11·13


Herriko saltokietan kontsumoa sustatzeko martxan jarritako bono sistema berriz ere abian izango da azaroan eta abenduan. Udalak eta ekimenarekin bat egin duten saltokiek lehendabiziko fasearen balorazio ona egin dute eta bigarrena prestatzen aritu dira azken asteetan.

Kasu honetan ere, Alegiako zein kanpoko 18 urtetik gorako kontsumitzaileek bost euroko bonoak erosi ahal izango dituzte eta hamar gastatu, nahi duten saltokian. Kontsumitzaileek saltoki bakoitzean bono bat erabili ahal izango dute eta bonoak kultur etxean erosi ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. Bonoak erosterakoan zein saltokitan erabiliko den zehaztuko da. Kanpaina azaroaren 16an jarriko da martxan eta abenduaren 20ra bitartean luzatuko da.

Uda partean herritarren aldetik jasotako erantzuna eta parte hartu duten saltokien prestutasuna eskertu nahi du Udalak. Horrelako egitasmoekin herria ateratzen da irabazten. Izan ere, herritarrek eta ingurukoek erosketak Alegian bertan egiteko aukera izatea estimatzen dutela somatu da eta horri eutsi ahal izateko, bigarren epe honetan ere bonoak erostera animatu nahi dira.