Berriak
Atzealdea Astelehenetik aurrera gimnasioa erabilgarri egongo da
2024·11·15
Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxeko aldagelak eraberritzeko lanak amaitzetik gertu daude. Iragan astetik kirol taldeek erabilgarri dute Elorri pilotalekua eta azaroaren 18tik aurrera, gimnasioa ere zabalik izango da. Lanak ez daude %100ean amaituta eta horrenbestean, behin behineko irekiera honek hainbat muga izango ditu.
Alde batetik, behin behineko ordutegia ondokoa izango da: astelehenetik ostiralera, 8:30etik 20:30era. Egiteke dauden egokitzapen batzuk egindakoan, lehengo ordutegia berreskuratu ahal izango da.
Bestetik, aldagelak eta komunak ere ezingo dira erabili oraindik. Instalakuntza horiek osatzeko falta den materiala Valentziatik dator eta bistakoak diren arrazoiak medio, ezin da jakin oraingoz noiz jaso ahal izango den material hori. Zentzu horretan, erabiltzaileei ulermena eskatu nahi zaie, ezjakintasun egoera horretan zaila delako lanen behin betiko amaiera data zehaztea.
Azkenik, gimnasioa zabaltzen denetik urtea amaitu bitarteko epea ez zaie kobratuko erabiltzaileei. Lanek sortu dituzten eragozpenak direla eta, erabiltzaileekiko keinu hori izan nahi du Udalak.