Berriak

Astelehenetik aurrera probintzia barruan libre mugitzeko aukera izango da

Eusko Jaurlaritzak iragan astean mugikortasunaren inguruan hartutako neurria leundu du

2020·05·16


Deseskalatze prozesuko I Fasearen barruan, iragan asteburuan Eusko Jaurlaritzak mugikortasunaren inguruan hartutako neurri batzuk leunduko ditu astelehenetik aurrera, maiatzak 18. Gauzak horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu denaren arabera, Gipuzkoako probintzia barruan modu librean mugitzeko aukera izango dugu. Paseo edo kirol jardueren inguruan, 5000 biztanletik gorako herrietan adin tarte bakoitzarentzako ordutegiek indarrean jarraituko dute beraz, hori kontuan izan beharko dugu jarduera horiek egitera beste herriren batera mugitzen bagara. Kirol instalazio pribatuei dagokienean, erabiltzaileek Gipuzkoako beste herrietara mugitu ahal izango dute zerbitzu horiek erabiltzeko.

Dena den, neurri hori arintzeak ez du esan nahi bestelako arauak errespetatzen jarraitu behar ez dugunik. Garrantzitsuena segurtasuneko bi metroko distantzia soziala mantentzea da. Hori egin ezin den kasuetan, maskarila erabiltzea gomendatzen da. Bestelakoan, paseoak ematera bizikide batekin atera gaitezkeela gogorarazten da eta kirola egitera bakarrik joan behar dela. Kalera ateratzea beharrezkoa ez bada, etxean egon behar dugu. Arduraz jokatzeko deia egiten da.