Berriak

Atzealdea Aurreikusitakoak baino neurri murriztaileagoekin sartuko gara bihar Deseskalatzearen I Fasean

Lanerako edo pisuzko arrazoi batengatik ez bada, herriko mugetatik atera ezinik jarraitu beharko dugu

2020·05·10


Aurreikusita zegoena baino neurri murriztaileagoekin sartuko gara bihar, maiatzak 11, Deseskalatze prozesuko I Fasean. Espainiako gobernuaren aurreikuspenen arabera, I Fasean probintzia barruko mugimenduak baimenduta daude baina atzo Eusko Jaurlaritzak aurreratu zuenez, EAEko hiru lurraldeetan ezingo da norbera bere herriko mugetatik atera, lanerako edo pisuzko arrazoi batengatik ez bada.

Harreman sozialei dagokienean, astelehenetik aurrera gehienez hamar pertsonako taldeetan elkartzeko aukera izango da, beti ere, gutxieneko bi metroko segurtasun distantzia eta higiene neurriak zainduz. Bilkura horiek etxeetan egiten badira, neurri horiek errespetatzea ere ezinbestekoa izango da.

Aire libreko terrazak dituzten ostalariek ere lanera itzultzeko aukera izango dute. Terrazen %50arekin egin ahal izango dute lan, mahai edo mahai multzo bakoitzean gehienez 10 pertsona elkartuz, segurtasuneko gutxieneko bi metroko distantzia errespetatuz. Bezeroentzat desinfekzio eta higiene neurriak prest izan beharko dituzte ostalariek.

Azpiko loturan duzue I Faseari begira Espainiako gobernuak argitaratu duen agindua. Sektore gehiagoren ingurukoak ere aipatzen dira bertan. Alegiako Udalak herritarrei arduraz jokatzeko eskatu nahi die. Ematen diren agindu eta gomendioei kasu egitea denon erantzukizuna da baimentzen denetik haratago doazen jokabideak saihestea eskatzen da. Alarma egoerak oraindik indarrean dirau eta osasun agintariek behin eta berriz errepikatzen dute kutsatzea ekiditeko modurik eraginkorrena distantzia soziala errespetatzea eta babes neurriak erabiltzea dela. Etxetik atera ahal izatea lagungarria izan da denontzat, baina urratsez urrats osatu beharreko bidea da eta behar baino denbora gehiagoan kalean ibiltzea eta jendearekin nahastea gure kalterako suertatu liteke.

PDF
0,4 MB
2020·05·10 Agindua
Maiatzaren 11n indarrean sartuko den Deseskaladako I Faserako Espainiako gobernuak aurreikusitako neurriak biltzen dituen agindua.