Berriak

Atzealdea Aurten ere sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izango da festetan

Etxera taldean joateko hitzorduak jarriko dira asteazkenean, ostiralean eta larunbatean

2019·06·27


Bi aste geratzen dira Alegiako jaietarako. Festa batzordea egitarauko azken xehetasunak lotzen ari da eta beste hainbat eragile, sexu erasoen aurkako protokoloa prestatzen ari dira, iaz egin zen moduan. Udala, emakumeen taldea eta beste hainbat eragilek hartu dute parte protokoloa prestatzeko bileretan. Festa batzordeak prestatutako egitaraua eta Bibalabirjen jaiak kontuan izanda, uztailaren 10etik 16ra luzatuko dira aurtengo jaiak eta protokoloa egun horietan guztietan egongo da martxan.

Iazkoa oinarri bezala hartuta, aurten ere erasoak salatzeko telefono zenbaki bat egongo da (606 797 135) eta etxera taldean joateko hitzorduak izango dira asteazken, ostiral eta larunbat gauean. Horiekin batera, aurten protokoloa garatzen parte hartu duten eragileetako hainbat kide besokoekin ibiliko dira kalean eta erasoren bat jasan edo ikusten duen edonork, besokoa daramaten pertsona horiengana joan ahal izango dute laguntza eske.

Protokoloa garatzen ari den talde eragileak datozen egunetan emango du xehetasun guztien berri, etxera taldean joateko ordutegiak kasu. Udalaren ohiko kanalen bidez zabalduko da informazio hori.